PINTURA DISIDENTEA

AIMAR ARRIOLA

Elkarrekin erlazionatutako Alain Urrutiaren lanaren inguruko zenbait ideia, haren estudiora egindako bisita abiapuntu:


Pintura ibiltzea


Pinturak atzemate eredu arketipikotik hainbat jarrera disidentek osatutako haren egungo molderaino egin duen ibilbidea marratzean, genealogia puruak finkatzea saihestu behar da. Alain Urrutiaren praktika, esperientziak transmititzearen halako lerro eten baten mutur batean kokatuko litzateke. Lerro hori itxuraz, Richter-en “pinturaren amaiera”ren eszenaratze neurtutik abiatuko litzateke, baina errealitatean, oroimenaren biltegia den aldetik, Luc Tuymans-en pinturatik hurbilago egongo litzateke, eta gainera beste unibertso zabalago batzuen gurutzatzearen emaitza izango litzateke, hala nola Tarkovskiren zinema edo Alessandro Baricco-ren literatura.

 

Alainen pintura, pintura bera prozesu gisa hartzearen ondorioa da, ikasketa bide etengabe batean bezala. Haren ibilbide partikularraren hasiera “Stalker” (2007ko iraila) izeneko -Tarkovski-ren filmaren erreferentzia librean- seriearekin abiatu zen, metodologia piktoriko zehatz bat ezartzearen beharrizanari erantzuten ziona, oinarri egunerokotasunaren irudien irudikapenean, berrenkoadratze edo desenfokatze bezalako tekniken erabiltzean edo eta kolore paleta mugatu baten (zuri-beltza eta grisak batez ere) erabileran oinarrituta.

 

Irudi generikoa


Tarkovski-k zioen ezinezkoa dela positiboa bere kontrakoa bihurtzen den unea harrapatzea, negatiboa positiboan sartzen den hori. Alainen pinturak badu honetaz zerbait eta deserosotasun kezkagarri (eta atsegin) bat sentitzen duzu haren pinturan ezaguna arrotz bilakatzen denean. Eguneroko haren argazkietan edo famili albumetik ateratakoetan oinarritutako haren koadro askotan -hala nola “Matiné I” edo “Matiné II”, biak 2008koak- ezagunak bide ematen dio arrotzari, eta partikularrak generikoari.

 

Argazkiaz baliatzea ez da irudi mekaniko/digitala pinturara itzultzeko ariketa moduan ulertu behar, pintura irudiaren eraikuntzarako lanabes huts bezala baizik. Bestalde, irudiaren zenbait konbentzioen erabilerak, hala nola desenfokatzea, ebakitzea, berrenkoadratzea, lehen planoak etab., eta haren pintura multzo gisa hartzeak (irudien sekuentzia hautsi, eten bezala), erlazio interesgarri bat sortzen dute pinturaren eta film irudiaren artean.

 

Gatazkarako espazioa


Alainen pinturak badu ere bortitzetik zerbait bere koadro bakoitza jokatzeko ohiko moduaren kontrakotzat ulertu daitekeen neurrian. “Stricto Sensu” (2008ko urtarrila) izeneko lanetatik aurrerakoetan gero eta kolorezko plano gehiago sartzeak edo pintura irudiaren objektutze saiakerak (Artiumentzat egindako serieann bezala), monokromoak berezko dituen arauen kontra egiteko premiari, zein koadroen azala altxatzeko, ehunduratzeko, saiakerari erantzuten diote. Beste lan batzuetan, bortizkeriaren zilegizkotasunaren inguruko gogoeta estetikoaren bitartez, gatazkaren erreferentzia hitzez hitzeko bihurtzen da (2007ko “Estética de la violencia lúdica” triptikoan edo 2008ko “Tercer tiempo” izeneko paper gaineko tinta-lanetan bezala).


Gaur egun irudi piktoriko bat zerk osatzen duenaren inguruko jarreren aniztasuna medioaren izaera gatazkatsuan datza, margolaritzak disidentea izateko eta argitu gabeko bere kontraesanak irudikatzeko duen gaitasunean. Horregatik, Alainen margolan bakoitza praktika piktorikoaren beraren kontraesanak behin eta berriz aurkeztu eta birplanteatzen diren (baina ez nahitaez adostasunaren bila) espazio moduan uler liteke.