EL QUINTO EN DISCORDIA

ÁNGEL CALVO ULLOA

Anonimotasun faltsuaren inguruko gogoetak

 

Berriki, Jose Luis Guerinek Unas fotos en la ciudad de Sylvia izendatu duen argazki eta oharren muntaia ikusten ari nintzela, bat-batean hark erretratatutako emakume horiek guztiek anonimotasun faltsuari aurre egin behar izanaren irudipena izan nuen. Guerinek emakume jakin bat bilatzen zuen hiriko kaleetan, hiriak irentsia zuela zirudien emakumea. Alain Urrutiak esku artean zuen lan horretaz hitz egin zidanean, berriro ere irudipen hura sentitu nuen. Bere egunerokotasunetik ateratako pertsonaiak, anonimotasun faltsu hori sortzen duten testuingurutik urrundutako argazkiak, baztertutako kokaleku berri horretan ez izatera kondenatuak. Argazkirako paratzeko aukerarik gabe, hauturik egin ezinik parte hartuz. Boltanski-k Humans serierako (1994) egin zituen hiltzaileen eta biktimen argazkien konposizio izugarri haiek bailiran, bilatu gabeko edo, behintzat, aukeratu gabeko egoera baten ezinbesteko protagonistak direla.

 

Anonimotasun faltsu horrekin batera, ezin ahaztu Urrutiaren lanetan konstante bat den lausotzearen teknikaz ―teknika horren bidez, egoera deszifratzeko orduan nahasmendua, ezintasuna sortzen du ikuslearengan―. Gerhard Richter-ek amateurren zenbait argazki Cézanne onena baino hobeak direla esango du. Baieztapen horrek argazkiak ikuslearentzat ulertezinak bailiran erakustea lortzen ez den une horretara garamatza; testuinguru jakin batetik ateraz gero egoera ikusten uzten ez duten eguneroko jarduerak. Alabaina, horrek, mintzaira kriptikoa duten irudiak, esanahi aldetik eszena paratuak baino aberatsagoak irudituko zaizkigu. Richter-ek egin bezala, lausotzea bizi zuen errealitate zehaztugabe hura erakusteko moduan, El quinto en discordia lanean, eta oro har Alainen lanetan, inguruko errealitate hori, agertu bezala irudikatua dago. Gardentasunik gabeko errealitatea ageri zaigu: gaurkotasunaren lekuko, bere ñabardurekin, bere argi eta itzalekin.

 

Proposatutako erretratu horietako bakoitza testuingurutik ateratze horretara kondenatu bada ere, hautapen lan zorrotz baten ondorio dira; ezer ez da zoriaren mende geratu. Erretratatu bakoitzak badu leku bat eta zergati bat. Kokaleku bat puzzlean eta agertzeko arrazoi bat. Izaera guztietako pertsona ospetsuak, Urrutiak “egotera” kondenatu dituenak. Hala, bi asmo horiekin egiten dugu topo: bata, informazioa ezkutatzen digunarekin, eta bestea, harago joatera bultzatzen gaituenarekin. Irudien kontsumitzaile huts ez izatera eraman nahi gaitu, komunikazio prozesuan inplikatzera bultzatu. Pixkanaka-pixkanaka erantzukizunik gabeko leku batera baztertu gaituzten ekintza baten hartzaile aktibo izatera garamatza, inork begiratzen ez duen lekuan zokoratuak.

 

Alain Urrutiak horrela finkatu ditu nola edo hala parte hartzera behartuta gauden komunikazio prozesuaren gidalerroak. Gerturatzera, xeheki begiratzera eta zergatia galdetzera gonbidatzen gaitu haren lanak. Analisi xehatu bat egiteko behar horrek eratuko du bosgarrena liskarrean; lanak baieztapenak agertu beharrean, haiekiko ziurgabetasuna handitzen duela. Izan ere, David Barrok esan bezala, haren asmoa ez da dena esatea, baizik eta enigma bat ikusaraztea.